Abiatu dira basamortuari buruzko Amalur Jardunaldiak
V. aldia izanik, Amalur jardunaldiko antolatzaileek zerbait berezia prestatu nahi izan dute. Ildo horretatik, aurreko edizioetan baino hitzaldi bat gehiago antolatu dute. Bestalde, entzuleek eskatzen zuten bidaiatzen ikasteko tailerra izango da aurten. "Iaz inkesta bat egin genuen publikoaren nahiak ezagutzeko. Era independientean bidaiatzen ikasteko tailerra izan zen eskari nagusietako bat", azaldu du Kike Zinkunegi antolatzaileak. Aurtengo beste berezitasun bat aukeratutako gaia da: "Aurreko edizioetan herrialde jakin batzuk bisitatu ditugu: ekialdeko Afrika, Nepal, Artikoa eta Amazonia. Aurten bururatu zitzaigun ez genuela zertan helmuga zehatz batean zentratu behar, badirela ezaugarri amankomunak dituzten lekuak, eta horiek bateratu genitzakeela". Horrela aukeratu dute basamortuaren gaia. Hasiera batean Saharak erakartzen zituela aitortu du Kikek. "Bertako Tuaret bat ekartzeko aukera genuen, gainera. Bestetik, buruan genuen Cristina Morató bidaiaria ekartzea. Oso zaila da emakume bidaiariak topatzea. Baina Cristina ekialdeko basamortuetan zehar ibili da; beraz, ez zigun Saharari buruz hitz egiteko balio. Gero, Sergio Fernandez Tolosa-ren berri izan genuen. Honek munduko zazpi basamorturik handienak zeharkatu ditu bizikletaz. Aukera bikaina zen, Saharaz ez ezik, munduko basamortu ezberdinez hitz egiteko". Beraz, munduko basamortuak ezagutu, eta bata bestearen artean dauden aldeez jabetzeko parada eskainiko du V. aldi honek. Azkenik, lekualdaketa bat ere ekarriko du aurtengoak: Tolosako Kultur Etxetik TOPIC txotxongilo zentrora igaroko dira jardunaldiak. Bertako aretoan eskainiko dituzte bidaiariek euren emanaldiak. Denak 20:00etan hasiko dira.
Nola prestatu bidaia bat?
Galdera horri erantzuna aurkitzen saiatuko dira Mikel Arredondo bilbotarrak gidatuko duen tailer praktikoan. Zortzi orduko iraupena izango du martxoaren 15, 16, 22 eta 23 egunetan banatuta. Talde finko batekin egingo da lan, gehienez 15 pertsonakoa. "Asmoa, modu independiente batean bidaiatzen ikastea da: nola lortu informazioa, segurtasuna, ekonomia, osasuna eta jarrera aldetik kontutan hartu beharrekoak e.a. Talde txikietan egingo dute lan: talde bakoitzak helmuga bat aukeratuko du eta bidaia hipotetiko hori prestatzea izango da euren lana". Bidaia hori egi bihurtu edo ez norberaren esku geratuko da.
Tailerrak 20 euroko prezioa du. Izen ematea TOPICen egin behar da 943.65.04.14 telefonoan edo cit@cittolosa.com helbide elektronikoan. Aipatutako egunetan 19:00etatik 21:00etara izango dira saioak.
7 basamortu bizikletaz eta bakarrik
Hilaren 17an eskainiko du bere emanaldia Sergio Fernandez Tolosak. Kazetari honek oso gaztetatik izan zuen bere jaioterria zen Bartzelonako mugetatik haratago zegoena ezagutzeko. Bizikleta hartu eta munduko 7 basamorturik handienak ezagutzeko erronkari eutsi zion behin. Bost urte eman ditu bidaiatzen; guztira 30.000 km egin ditu gurpilen gainean, Australia, Atacama, Mojav, Namib, Kalahari, Gabi eta Sahara basamortuetako nomadekin bizikidetzan, parekorik ez duten paisaiaz gozatzen, topatutako fauna eta florak eragindako harriduraz kitzikatuta.
Basamortu biziak?
Ez da Ander Izagirre bidaiari eta kazetari donostiarra Tolosara etortzen den lehenengo aldia. Bere bidaien berri eman izan digu lehen ere, baina oraingoan, munduko basamortu ezberdinetan aurkitutako bizitzaz hitz egingo du;hondarretan, izotzetan, gatzetan edo basaltoan bizi diren nomadez: Djibutiko karabanei, Heriotzaren Ibarreko urre bilatzaileei, outback australiarreko kolonoei , Boliviako haru meatzariei eta Groenlandiako foka ehiztariei buruz, besteak beste. Hilaren 24an izango da hori.
Nomadak: hortzimuga bizitoki
Joseph Maria Palau kazetaria eta unibertsitateko irakaslea da. Bidaietan berezitutako free-lance bezala jardun du, bere esperientziak bidaia aldizkarietan argitaratuz. Besteak beste, "Viajes Nacional Geographic" aldizkarian idatzi izan du. Ikusentzunezkoak ere prestatu ditu telebista kateentzat. Lonly planet gidako gaztelerazko edizioan ere parte hartzen du, baita Intermon Oxfam-en marketing departamenduan ere. Oraingo honetan, aurrez aurre emango digu bere bidaien berri hilaren 25ean.
Bidaiari handiak ekialdetik
Martxoaren 26an, jardunaldiei itxiera emateaz arduratuko da Cristina Morató idazle eta kazetari kataluiniarra. 2005ean bidaiatu zuen lehendabiziko aldiz ekialdeko lurraldeetara. Bere bidaiak kontatzeaz gain, lan izugarria egin du emakumezko bidaiarien memoria berreskuratzeko. Horien istorioak, "Viajeras intrépidas y abentureras", "Las reinas de Africa", "Las damas del Oriente" eta "Cautiva en Arabia" liburuetan argitaratu ditu. Aipatutako azkena, emakume euskaldun batek ekialdean bizitako abenturei buruzkoa da.
Amalur 2010ean parte hartuko duten hizlari gehienak idazleak izanik, antolatzaileek ahalegin berezia egin dute euren liburuak Tolosan eskuragai jartzeko. Era honetan, Babel eta Elkar liburu-dendetan aipatutako bidaiarien hainbat argitalpen jarri dira salgai. Jardunaldietatik asebete gabe ateratzen denak liburu hauetan asetu ahal izango du bere egarria. www.cittolosa.com web gunean ere eskuragai izango duzue jardunaldiei buruzko informazioa.
Herriko 21 enpresaren hizkuntza portaeraren datuak bildu ditu Adunako Udalak
Galtzaundirekin sinatutako hitzarmenaren bidez eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen aholkularitzapean, Adunako enpresetan euskararen erabilera bultzatzeko lehenengo urratsa eman du Udalak. Egitasmoaren baitan, Galtzaundiko teknikari bat harremanetan jarri da herriko enpresekin eta, bertako arduradunen laguntzaz, euskararekin nola jokatzen duten jaso du. 21 enpresatako datuak bildu dituzte, eta, etorkizunari begira, nolako laguntzak eskainiko dituen aztertzen ari da Udala. 
ABIZENAK EUSKARAZKO GRAFIAZ JARTZEKO KANPAINA JARRI DU ABIAN UEMAK
Galtzaundik eta Adunako Udalak hitzarmena sinatu dute bertako lan munduan euskara planak sustatzeko
Nafarroa Oinez festara joateko autobusak
Aurten Etxarri-Aranatz-eko Ikastola arduratuko da Nafarroa Oinez festa antolatzeaz. Urriaren 18an ospatuko da jaia, eta bertara joateko autobusak antolatu ditu Galtzaundik. Izena emateko epea zabalik dago jada. 
Hemen dira Gipuzkoa eta Nafarroako euskararen aldeko jaiak
Etxarri Aranatzen ospatuko den Nafarroa Oinez 2009ra joateko autobusak jarriko ditu aurten ere Galtzaundik. Gerturatu zaitez gure egoitzara izena ematera.

Eskualdeko UEMAko herrietako euskaltegietako matrikulazio kanpaina
Eskualdeko Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko udalek babesa adierazi diote Aitzol Tolosako udal euskaltegiak eta Andoaingo AEK-k abian jarri duten matrikulazio kanpainari. Aurten, udalak ahalegin berezia egiten ari dira herriz herri ikasle taldeak sortzeko, eta, horretarako, udaletxeetan izena emateko aukera eman dute, diru laguntzak eskaintzeaz aparte. Helburu nagusiak hauek dira: erdaldunak euskarara hurbiltzea eta euskaldun alfabetatugabeek alfabetatze taldeetan izena ematea 
Dagoeneko martxan da eskualdeko UEMAko herrietako merkataritza kanpaina. Eskualdean zazpi herrietako establezimenduek jaso dituzte bisitak: Leaburu-Txarama, Ikaztegieta, Irura, Anoeta, Alegia, Aduna eta Altzo. UEMAko Tolosaldeko beste herrietan berriz, irailean gauzatuko da merkataritza kanpaina.

Baztandarren Biltzarrera joateko autobusak
Galtzaundi Euskara Taldeak, uztailaren 19an, Elizondon ospatuko den Baztandarren Biltzarrera joateko autobusak antolatu ditu. Autobusak goizeko 9:00tan irtengo dira Tolosako Tren geltokitik eta itzulera, arratsaldeko 19:00tan izango da.

Tolosaldeko euskararen semaforoa
Eskualdean, euskalgintzaren eremuan eta euskararen inguruan gertatzen diren notizia guztien berri emateko, Tolosaldean blog berria sortu dute. Blogaren helbidea, euskararensemaforoa.blogspot.com da.

Eskualdeko semaforoetan kartel batzuk agertu dira, "Semaforoak euskaraz" leloarekin (ikus argazkiak). Harrigarriena da kartelak ez dituela inork sinatu, eta inork ez duela bere gain hartu kanpaina hori. Oinezkoek zein gidariek harriduraz hartu dute kanpaina, eta herritarren artean hainbat hipotesi zabaldu dira, baina inork ez daki erabateko ziurtasunez nondik sortu den kartel horiek jartzea.

Harategiei zuzenduriko kanpaina eskualdean
Kontseiluak, Bai Euskarari Ziurtagiriak, UEMAk eta Galtzaundik, beste eskualde batzuetako euskalgintzarekin elkarlanean eta udalen laguntzarekin, harategietako hornitzaileei zuzendutako kanpaina martxan jarriko dute.

Galtzaundik Ibilaldira joateko autobusak antolatu ditu
Maiatzaren 31ean ospatuko da Bizkaiko Ikastolen festa Galdakaon. Galtzaundik, autobusak antolatu ditu festaren ospakizunera joateko eta horretarako, Galtzaundiko egoitzan izena eman behar da. Anima zaitezte! 
Anbulatorioetan zerbitzua euskaraz eskatzeko agerraldia
Dagoeneko 11 dira mozioarekin bat egin duten udalak. Maiatzaren 7an, arratsaldeko 19:00tan, Villabonako anbulatorioan egindako agerraldian, Marimi Ugalde, Irurako alkatesak mozioa irakurri zuen. Euskalgintzako eragile desberdinen atxikimenduak jasotzeaz gain, EHEko eta Behatokiko ordezkariak ere bertan egon ziren. 
Alegia, Elduain eta Baliarraingo udalek bat egin dute osakidetzaren aurkako mozioarekin
Tolosaldean, UEMAko hamaika udalek onartu dute mozioa.
Mozioa jendaurrean irakurriko dute Villabonako anbulatorioaren aurrean, maiatzaren 7an, 19:00etan.

Gaztelu, Irura, Amezketa eta Ikaztegietako udalek ere onartu dute osakidetzaren aurkako mozioa
Gazteluko, Irurako, Amezketako eta Ikaztegietako udalek ere onartu dute Osakidetzaren aurkako mozioa. Horrenbestez, zortzi dira mozioarekin bat egin duten udalak, aurreko asteetan Adunako, Anoetako, Orexako eta Altzoko udalek ere onartu baitzuten mozioa. Aste honetan bertan, beste udal batzuek ere osoko bilkuretan eztabaidatu eta bozkatuko dute mozioa. Alegian eta Elduainen, adibidez, gaur bertan bozkatuko dute.

Galtzaundik eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak elkarlan hitzarmena sinatu dute
Apirilaren 28an, asteartean, Galtzaundi Euskara Taldeak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak elkarlan hitzarmena sinatu dute Ibarrako Kultur etxean. Hitzarmen honen bitartez hainbat ekimen martxan jarri dira eta guztiaren berri eman dute eskainitako agerraldian. 
Hizkuntza Eskubideen inguruko mahai-ingurua
Maiatzaren 3an, Ondarroan ospatuko den Hizkuntza Eskubideen Egunarekin loturik, mahai-ingurua egingo da, apirilaren 29an, arratsaldeko 19:30ean, Villabonako zineko erakusketa gelan. 
Galtzaundi Euskara Taldearen eta Behatokiaren arteko hitzarmena
Apirilaren 28an, asteartean, arratsaldeko 16:00tan, Ibarrako Kultur etxean, Galtzaundi Euskara Taldearen eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren arteko elkarlan hitzarmena sinatuko da. Bertan, elkarlanaren nondik norakoak azalduko dira, baita martxan jarrita dauden ekimenak ere.

"Euskaraz seguruago" kanpaina ere Tolosaldean
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Ziurtagiriaren elkarteak abiatu duen Euskaraz seguruago kanpainaren berri eman dute. Egitasmo honen bitartez euskararentzat esparruak garatu eta zabaldu nahi dira, bizitza normaltasunez egiteko. Euskaldunok euskaraz bizi nahi dugu, baina nabarmenak dira egunero topatzen ditugun ezintasunak. Horien adibide dira aseguru-etxekin izaten ditugun hartu-emanak. "euskaraz seguruago" kanpainaren helburua da aseguru-etxeek eskaintzen duten zerbitzua euskaraz ere jasotzea 
VI. Hizkuntza Eskubideen Eguna ospatuko da Ondarroan
"Euskaraz biziz Euskal Herri euskalduna eraiki" lelopean ospatuko da, maiatzaren 3an, Ondarroan VI. Hizkuntza Eskubideen eguna. Egun osoan euskaraz bizi eta gozatzeko egitarau zabala izango da, kale animazio, herri-bazkari, ikuskizun, gune, kontzertu eta abarrekin. Zesatek! Eta Trikizio taldeak izango dira oholtza gainean. Eguneko leloa ozen aldarrikatzeko manifestazioa eta ekitaldi nagusia ere izango dira bazkalaurrean 
Aduna, Anoeta, Orexa eta Altzoko Udalek onartu dute osakidetzaren aurkako mozioa
UEMAk proposatuta, Adunako, Anoetako, Orexako eta Altzoko udalek Osakidetzaren azken lanpostu deialdiaren aurkako mozioa onartu dute, udal guztietan aho batez. Izan ere, Osakidetzak ez du bermatu eskualdeko anbulatorioetan lanean hasiko diren langile berriak tratua euskaraz emateko gai izango direnik. Tartean, familia medikuak eta erizainak daude, eta deialdiak eskualdeko UEMAko herri gehienei eragiten die.
Hilabetea amaitu aurretik, UEMAko udal gehienetan landuko dute mozioa, eta maiatzaren 7an mozioa jendaurrean irakurriko dute.
Galtzaundik egindako ekoizpenak
Helbidea: Nafarroa etorb., 6; 20400 Tolosa
Tel.: 943 655 004
e-posta: erredakzioa@galtzaundi.com
Laguntzaileak: